XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Time for peace

Falls-en gaude, tregua garaian baina gerra giroan.

Hiriburura heldu eta biharamunean hurbildu ginen Belfast Mendebaldera, Txalaparta argitaletxeak plazaratutako Gerry Adams-en Kalean liburuan behin eta berriro irakurritako Falls eta Shankill ezagutzera.

Shankill auzune unionista dela eta Falls errepublikarra jakin barik ez da komeni Belfastera nolanahi etortzea.

Elkarren ondoan daude biak, baina elkarri bizkarra ematen, politikoki eta militarki.

Burdinazko eta adreiluzko hesiez banatutako bi auzune hauetan laburbiltzen da modurik bortitzenean Ipar Irlandako gatazka.

Mugimendu errepublikarraren bihotzean izan ginen goizez mugimendu lealistarenean arratsaldez.

Hirigunetik abiatuta Falls errepidean sartuz gero, eraikin luzanga batek erakarriko du zure atentzioa.

Divis Flat da, Belfast Mendebaldeko arkitektura estiloa apurtzen duen etxeorratza.

Katolikoak dira bertako bizilagun guztiak, baina Armada britainiarrak hartuta dauka terraza: kamera, antena eta mikrofonoz betea, bizilagunak zelatatzeko.

Divis kaletik Shankill protestanterako bidea berehala egin dezakezu, Northhumher Land kaletik barrena.

Erlojuko hiru minutu.

Burdinazko ate erraldoi batek eta eliza batek ezartzen dute bien arteko muga.

Divis Flat atzean utzi eta Fallsen gora jarraituta, segituan ohartuko zara auzune katolikoan zaudela.

Ezkerreko horman Bobby Sands heroiaren hormiduri ikusgarria daukan etxean zintzilik dago Irlandako bandera berde-zuri-laranja.

Sinn Fein alderdiaren egoitzetako bat da.

Handik aurrera koloretsuagoak dira hormak, grafitiz eta muralez apainduak.

Egunkarietan ikusitako sueten garaiko pintada ezagunenarekin topo egingo duzu Sinn Feinen egoitzatik ehun metrora: 25 years. Time for peace. Time to go (25 urte. (...)